Ikas, euskal pedagogia zerbitzua - Olerkiak
Ikas.org > Olerkiak

Eguberri

Eguberriko korona*

Hau da Eguberriko korona*,
ene atean urtero dagona*,
ekarriz bake eta zoriona !
Eguberri gaueko afari ona,
izanen da txokolate, izanen oñoña,
afal ondoko kantuen sona,
aire eztian, ezkilen din-dona !
Luixa Giltzu 2004
* korona : koroa
* dagona : dagoena

Izeia

Izeia apaindu dut
Eguberritan,
girgilak zilar
pindarretan,
punpul gorri urdin,
adarretan,
urre dirdirak
orratzetan,
ezkilak balantzan xilintx
bilintxetan,
izarra puntan,
argi distiretan !
Zapatak prest ditut
izeiaren oinetan.
Gauerdi baino lehen,
pasako da hamaiketan,
edo ondotik
hiruretan,
behar bada lauretan,
edo goizeko bortzetan !
Pasako da Olentzero
etxeak direlarik ilunetan,
izarrak dagotzilarik argitan,
lo izanen garelarik,
lo amentsetan !
Luixa Giltzu 2004

Eguberriko argia

Heldu da, heldu, Eguberri,
loria sortuz bihotzeri*,
piztuko dut ene argi,
dei egiteko Olentzerori,
ekar diezaien zorion eta opari,
munduko haur guzieri* !
Luixa Giltzu 2004
bihotzeri : bihotzei
guzieri : guziei

Olentzero

Beltza xamarra,
beltza kapelua,
beltza bizarra,
beltza gaua,
beltza oihan beltza,
beltzak otsoa eta hartza,
beltza itzala,
esku latzak
eta beltza ikatza.
Baina zeru goian ilargia xuri xuri,
izarrak zilar pindar,
eta dakarren esperantzazko sua,
gorri gorri !
Luixa Giltzu 2009

Eguberri

Amesten dut Olentzero,
haren etxola xumean,
han goian mendian,
hotzean elur xurian,
bakardade handian,
oihan baten erdian.
Haurrak prestuki ohean,
Eguberri gauean,
izarrak beilan,
eta astoa koskan
saskiak jostailuz kargan !
Luixa Giltzu 2009

Tripa handia

Olentzero badator oinez,
astoa haia-haia trostan,
mendiko xendera hertsietan.
Jada hurbilago da,
etxeetako tximinietan,
tripa handi hori, agian ez da koka,
izei ederraren pean,
ene zapata prest baita !
Luixa Giltzu 2009

Bada leku franko

Bada leku franko munduan
non haizeak etxeak daramatzan.
Etxeak ? tolazko etxolak dantzan.
Bada leku franko munduan
non Eguberriz ez den girgilik,
han ez da sukibelik, ez eta oñoñik,
jendea bizi da goserik.
Ohar zaitez, haurtxo maite,
gu bizi gara hanturik,
preziatu gabe, sobera gastaturik,
baina leku frankotan, ez da espanturik.
Luixa Giltzu 2009

Olentzero

Olentzero, Olentzero
gure etxean salda bero,
Olentzero, Olentzero
Eguberri jinez gero !
Zapatak dirdiran ditut,
izeia prest dago,
argiak itzali ditut
Olentzero fidatzeko !
Tximinia garbitu dut,
utzi dut garbi garbi,
Olentzero pasatzean
ez dadin kedarturik geldi !
Errege magoak gameluz,
Bizar xuri leraz,
Rokeroen Olentzero
motoz heldu zaigu beraz !
Motoa bederen Honda,
behar bada Kawasaki,
mende honentzat astoak,
ez baitu mitxarik aski !
-« Eguberri on guziei,
bihotzak bero bero,
ohiturak biziaraziz,
pasatuko naiz urtero !“
Luixa Giltzu 2006/12

Autorea :

Luixa Giltzu

Ilustratzailea :

Piarres Erdozaintzi

Argitaratzailea :

Ikas

Argitaratze data :

2010/12/22