Ikas, euskal pedagogia zerbitzua - Olerkiak
Ikas.org > Olerkiak

Etxea

Etxe xuria

Etxe bat badut,
xuri xuria,
familiaren loria,
gauaz badu argia.
Neguan delarik hotza,
han kontsolatzen dut bihotza,
tximiniari dario kea,
etxe goxoan bakea.
Luixa Giltzu

Etxe zahar zaharra

Oihan xokoan,
pentze bat ondoan,
badut etxe zahar bat,
han xutik aspaldikoan.
Arrailak murruetan,
kurrinkak leihoetan,
haize egunetan.
Etxe gibelean,
aranondoa loretan,
primaderetan.
Eta ilargi xuritan,
huntza uhuka,
balkoi argitan !
Xakurra trebeska atean,
gatua lo nonbaitean.
Neguan teilatutik dilingo izotza,
kanpoan delarik hotza,
etxe xaharrean epel bihotza,
sukaldean entzuten baitut,
aiten aiten ahotsa.
Luixa Giltzu

Onddoa etxe

Onddo handi batean
bizi naiz,
sinesten nauzu,
araiz ?
Xapelean* dut ganbara,
zangoan sukaldea,
erdian balkoi berdea,
etxe pollitagorik badea ?
Leihoak arrosa kolorez,
itzulia josia arbolez,
baratzea betea lorez,
tximinia xixtuka larrazkenez.
Laguntza behar badut,
ez naiz lotsa,
ondoko iratz(e)pean
beti bada arrabotsa,
auzo langilea dut,
oihan xolako ipotxa !
Luixa Giltzu 2006/09
*Xapelean : Txapelean

Ene etxea

Gauaz ilargi xuritan
ene etxea dirdiretan,
leihoak hetsiak, atea gakoz,
barne goxoan ni lotan uros !
Teilatuak biltzen izarren fereka,
balkoian huntzaren uhuka,
ene etxea anitz dut maita,
han baitut ene ama, han ene aita !
Luixa Giltzu 2008

Autorea :

Luixa Giltzu

Ilustratzailea :

Piarres Erdozaintzi

Argitaratzailea :

Ikas

Argitaratze data :

2010/12/22