Itsasoa
Itsas zolan
zolaren zolan,
leize ziloan,
ziloaren loan,
itsas lamina,
han dago han!
Jendeen jendaki,
arrainen kusi,
urera kondenatua,
lurrean ezin bizi.
Entzun itsas
zolaren zoletan,
lamina penetan,
maitasunez negarretan.
Noiz kausituko du
amentsen uhartea?
Uhinetan dirau,
kantua malkoz betea.
Goaitatzen du fidelki,
goaitatzen du, goaitatzen,
arrantzalea denetz hurbiltzen,
zeruak zazpi ilargi dituela itzaltzen.*
Hamaikagarren alba gorrian,
Iduzkiaren* irrian,
ontzi beltza zaio hurbiltzen,
ametsak kasik zituelarik galtzen…
Itsasoak bota oskol(e)an*,
entzun al duzu sekulan,
itsas laminarekin marinel bat,
lo dagola* han,
ilun den ziloan,
olagarro bat atezain,
leizearen ahoan,
idurizko loan..
Luixa Giltzu 2006/06
*iduzkia : eguzkia
*oskol : maskor
*dagola : dagoela
Uhin xuri, uhin beltz
Itsasoan bada uhin ezti,
frankotan arrapoz bezti,
eta bada hainbertze kolore,
urdin ilun, argi more,
goiz alba arros*,
ortzi lorios,
laranjak iluntzeak,
tindatuak,
iduzkiaren* sartzeak…
Itsasoan bada uhin beltz,
bustiak alferrezko otoitzez.
Itsasoan bada hainbertze aberri,
ur baketsuen, ontzien irri,
negu bortitzen doluzko hil herri.
Noiz kausituko du
Itsasoak baditu hainbat aberri,
kontu zaharren uhinen iturri,
mineral arraroen hazkurri,
koral ehizatuen,
azken mirarizko herri.
Luixa Giltzu
*arros : arrosa
*iduzkiaren : eguzkiaren
Itsas kuxkua*
Ene itsas kuskuan,
entzuten dut
haizearen hatsa.
Ene itsas kuskuan
entzuten dut
uhinaren harrabotsa..
Ene itsas kuskuan
entzuten dut
haur batzuen garrasia,
antxetaren oihu gazia,
lamina kantuz hasia !
Luixa Giltzu 2009
itsas kuskua* : maskorra