Larrazkena
Larrazkena
Larrazkena etorri da,
oihanak daude urgulutsu,
marroiz, horiz, laranjez,
eguzkia oraindik amultsu.
Larrazkena etorri da,
oihanak daude triste,
haizeak hostoak zirimolaka,
lurreratuko baititu fite !
Bizia janik urte batez,
hostoak daude negarrez,
lurrean hilen baitira nekez,
zola margotuz kolore ederrez !
Luixa Giltzu
Ainara jauna
Ainara jaunak
maleta egin du,
bidaiaz partitzen da,
larrazkena jin zaigu.
Afrikara joanen da,
neguko hotza ez du maite.
Agur, ainara, agur,
udaberri arte !
Luixa Giltzu
Andere larrazkena
Andere larrazkenak,
biloak margotu ditu,
marroiz, gorriz, horiz !
Andere larrazkenak
ainarak igorri ditu,
lurretik onddoak sorrarazi ditu !
Gaztainak lurrean dira :
bil, bil, bil !
Luixa Giltzu
Gaztaina
Ez da mandarina,
ez da banana,
larrazkena da gehien
maite duen sasoia.
Bere azal leuna
den dena marroia,
ardotsaren gerizan,
lo dago gaztaina !
Luixa Giltzu
Urtxintxa
Laranja naiz kolorez,
eta ez beltxa,
ahoaren bi aldeetan
hor daukat muztatxa,
buztan harro, larru goxo,
ni naiz ni urtxintxa,
erreserban ezarriak
gaztaina eta pagotxa,
larrazkenean prestatzen dut
jadanik negu hotza !
Luixa Giltzu
Larrazkeneko populua
Ainara pentsaketan,
hegora joateari,
xixtak josiak bizkarrari,
sagarroia goaitan ilunari.
Urtxintxa zaintsu
gaztaina xekalari,
kurkuilua onddoketari,
hegoa firfiran
kilikan hostoari.
Mendiak sendo so
kezkan doan usoari !
Luixa Giltzu
Larrazkeneko altxorrak
Larrazken goiz batez, joan naiz oihanera
eta saski batean, bildu ditut onddoak !
Larrazken goiz batez, joan naiz oihanera,
eta saski batean bildu ditut gaztainak !
Larrazken goiz batez, joan naiz oihanera,
eta saski batean bildu ditut hostoak !
Goxoak onddoak,
leunak gaztainak,
laranjak hostoak,
larrazkeneko altxorrak !
Luixa Giltzu 2009
Larrazken margolaria
Iratzea gorri,
mahatsa ubel,
madaria hori,
pagadoia laranjaz bezti !
Gaztaina, intxaur, hur,
iduri dutela lur,
hegoa fur, fur,
mizpira ez da segur !
Hariztoia gaztaina kolore,
pikoa more,
sagarrak gorri, berde,
eta martxuka beltz,
sasi xixtakorren
gainalde alaian,
ihartze garaian !
Luixa Giltzu
Onddo sasoia
Onddo xuri,
onddo papun,
ondo beltza
lurraren emaitza !
Belar finean gibelurdina,
oinez xuri, buruz urdina,
egiazko jaki fina !
Gorringoa sortzean,
arroltzearen pare,
xapel* gorria lanjerean,
heldu bada bare !
Xixahori laranja,
herabe bezain on
lupuen zorion !
Soroaren erdian,
pentze onddo baketsu,
aise ikusten dena,
nahiz eta izan itsu,
izanik ere xuri putxuka
zure xapel* hodeitsu,
ez duzu nigan pizten su !!!
Luixa Giltzu
*xapel : txapel
Onddoa
Xapel* papuna buru gainean,
zango fermu hau enea,
A zer ikara pasatzen dudan,
heldu delarik barea,
oihanaren orbela lagun,
bizi nahi nuke gordea,
bakean hemen usteldu nahi dut,
ez dut bete nahi zarea !
Jende gehiegik ni naute maite.
Maite nau ardi xuriak,
halaber kiribil karakoilak,
bai eta ere gizakiak.
Gogoa pausan joango nituzke,
ihartze garai eztiak,
ez balituzte hainbat preziatzen,
osatzen nauten jakiak !
Sukalde honetara ekarriz gero
nago erdi urraturik.
Ene lagunak ondoan ditut
ni bezala freiturik,
zartagin honetan denak putzukan
xapel* ederrak urturik,
a zer xantza duen arrano beltzak
mendi arroketan galdurik !
Luixa Giltzu
*xapel : txapel
Autorea :
Luixa Giltzu
Ilustratzailea :
Piarres Erdozaintzi
Argitaratzailea :
Ikas
Argitaratze data :
2010/12/22