Mitologia
Artzaina eta lamina
Ardiei segi, gaur gidari dut,
artzain guzien artizarra,
ene lamina hark du sortu,
urrezko ile, erdian marra.
Ene bihotza punpeka* dabil,
badut ergelen sukarra.
Ahate oinak ez zaizkit inport(a)
ikusten baitut izarra.
Ene bihotzak badu jabe bat
errekako lamina ona,
eta harekilan ezkontzen banintz
nuke ene zoriona,
baina lamina desagertu zait,
joan da Basajaunengana,
jendarte honek ez baitu josten,
mitoa eta gizona.
Eta etsaiek jeloskeriaz,
maitea didate izitu,
eta geroztikan ene drama hau
nehola ezin dut gainditu,
lehen zeru argi zena izarrez
orain lainoz zait itsutu,
oraina iluna izanik ere,
bizitzen behar dut segitu.
Kopeta apal, itxuraz goibel
betiko errekara nator.
Erreka Mari oihukatzen dut,
baina hemen ez da nehor.
Bakardadera kondenatu nau,
ene izarra ezin lor,
etxola hutsean bizi beharko dut,
beharrik hor haizela PAXTOR.
Luixa Giltzu
*punpeka : punpaka
Basajaun
Nori zor dio
laborariak ogia,
arotzak zerra,
errotazainak errota ?
Emendatu zenuen
eiheren abiadura,
itzularaziz harri latza,
soldatu zenuen burdina hotza,
ekoitzi ikatza.
Zuri esker da jendea :
laborari,
arotz,
errotazain,
zurgin, hargin,
ofiziale.
Basajaun, basajaun,
lanbideen lehen argi,
denetan alderdi,
tresneriaren jaunen jaun !
Luixa Giltzu
Sorgin salda
Lau apo, bi musker,
nahas eskuin, nahas ezker !
Bi gauenara, hiru suge,
sorgin saldaren lege !
Gehi bederen bortz armiarma,
hau da salda, ai ai ama !
Salda jan eta jatsaren gainean
sorgina lorian dabil airean !
Luixa Giltzu
Herensuge
Hiru buru ditu herensugek :
lehena kalkulatzeko,
bigarrena asmatzeko,
hirugarrena oroitzeko,
laugarren bat behar luke ahanzteko !
Bihotzak ere badituzke hainbat :
bat herren biltzeko,
bi mendekuen lotzeko,
hiru larreen erretzeko.
Xistuan* zeruan,
su gorria buruan,
Errege airearen munduan !
Sua hain da beroa,
sua hain da eroa,
izarrak ere erretzen baititu.
Jaunen jaunak zeru mugan,
Larrunen gibelean itsaso hotza,
han duk goaitan heriotza.
Erreko nauk, ez nauk erreko,
badiat arrangura,
hirurak josiz : airea, sua, ura,
denboraren zolatik heldu haiz,
gizakien mundura.
Herensuge
Ez diat egurrik botako sura,
aireak gero hazten baitu sua !
Luixa Giltzu
*xistu : txistu
Mari
Non zara ? Ez zaitut ikusten,
alta zuk dituzu mendiak goratzen,
muinoak lehertzen.
Lurraren hertzeetan
badira esnezko itsasoak,
han biltzen dira zure soak.
Zuk biltzen dituzu galernen giltzak,
hodei beltzak, haize bortitzak.
Bi seme dituzu :
Ortzi eta Hodei,
lotuak altzoei ;
bi seme dituzu,
Hodei eta Ortzi,
kazkabar eta erauntsi !
Ortziri ortzantz
suzko ihortziri,
etxeen ateak so ekialdeari.
Mariren kexuen hitza,
elorri xurien geriza,
eguzki lore, ilargi belar,
urrun dagoela zorte txar !
Atean aizkora ahoz gora,
erramu hostoa bota supazter xokora.
Luixa Giltzu
Galtxagorriak
Lan eta lan,
ez gaude ogean*,
atzarriak gabiltza
gu beti gauean.
Eta iduzki* gorria
delarik jaikitzen,
Galtxagorri guziak
seko gara izitzen,
leize zilo beltzean,
egunaz gordetzen,
jendea jaikitzean,
gu gara lokartzen !
Lan eta lan,
ez gaude ogean* !
Luixa Giltzu
*ogean : ohean
*iduzki : eguzki
Lur
Iduzkiaren* ama,
ilargiaren ama,
jeinuen etxe,
jendearen otoitza,
altxorren egoitza.
Esnezko itsasoak
gordeak hertzeetan,
munduak ezin
ikusizko sabeletan.
Leize bihurdikatu,
gisu harrien zilo,
eta zolaren zolan
MARI jainkosa lo.
Luixa Giltzu
*iduzkiaren : eguzkiaren
Gaueko
Jendea da egunarena
eta GAUEKO gauarena,
gaua da ilunarena,
ilargi isilarena.
Ez dut haririk iruten
ilargi argitan,
iturrira ez noa gauerditan,
baldin eta GAUEKO
hor balitz goaitan.
Irunen dut irritan,
iturrira joanen naiz
iduzki* argitan,
oilarra hasiko delarik kantan.
Buba haurño iduzkiarena,
gaua baita GAUEKOrena.
Ohe goxoan goaita oilarraren kanta,
orduan GAUEKO joanen baita.
Luixa Giltzu
*iduzkiaren : eguzkiaren
Oihartzun
Oihuka ibili naiz,
eta gero dut entzun.
Arroken sabeletik
ukan dut erantzun,
Jentilarrien ahotsa
etorri zait lagun.
Larrungo MARI ere
bila dabil egun,
Nonbait arrokan non ?
Ez dakusat nehon,
entzun soilik entzun,
jeinu bat han da bizi,
deitua OIHARTZUN.
Luixa Giltzu
Laminak
Lamindania, laminenziloak,
laminosin, lamuxain,
lamienleize, lamiarri,
lamiako, lamiarrieta,
lamirain, lamiarriaga,
lamitegi, lamineneskatxa
lamikiz, laminerreka
laminapotsu, laminazilo.
Direnik ez bada sinesten,
ez direla ez erran,
izena duen guzia badelako,
eta den guziak bere izena baitu !
Luixa Giltzu
Autorea :
Luixa Giltzu
Ilustratzailea :
Piarres Erdozaintzi
Argitaratzailea :
Ikas
Argitaratze data :
2011/01/20