Planetak
Argia eta iluna
Asteroidean ni sortu nintzen
argi pizle izateko,
nahiz eta planeta ttikia izan
ez diot eginen uko.
Egun on, gau on, gau on, egun on,
laster ibili beharko,
lurralde hontan jada gaua da
argia sortu orduko !
Batzuetan pitz, besteetan itzali
hemen bada gaitzeko lan,
estresak ere pixka bat joa nau,
eta ez naiz bizi patxadan.
Pentsatzeko ere ez dut astirik,
horrelako abiaduran,
planeta hontan argi eta iluna
dirudi direla gerlan !
Baditugu segur alde onak
baita ere alde txarrak,
gauaz amets bat lortu orduko
hausten du argi azkarrak.
Eta argitan izan bezain laster
mehatxu ilun kaxkarrak,
eguzkia agertu orduko
jada hor dantzan izarrak !
Nolaz gero eta fiteago
planeta ari den itzultzen,
ilargia eta eguzkia
zirurikan ditu erotzen !
Luixa Giltzu 2006
Ilargia
Ilargi xuri,
ilargi beltz,
gorapena,
beherapena,
betea edo laurdena !
Ilargi xuri,
loa baketsu eta geldi.
Ilargi beltz,
nahasi duzu
ene aments !.
Gordea hodeien gibelean,
dirdiran gau epelean,
izarren gidari,
lur honen beilari,
so dago munduari,
gure planeta urdinari !
Luixa Giltzu
Ilargiaren altzotan
Gelditu naiz amentsetan,
ilargiaren adarretan,
dituen argizko bideetan,
ibili naiz irriz xenderetan*,
eta maiz etsipenetan !
Banenbilen lasterketan,
indarrak hantu hatsetan,
banenbilen zalapartetan,
gero gelditzeko lotan,
ilargiaren altzotan !
Argi xurian kulunketan,
ibili naiz bilintxetan,
galdua ene amentsetan,
ezin egonez lur hontan,
ongi nintzan zeru hartan !
Luixa Giltzu
*xenderetan : xendretan
Planetak
Badira planeta hotzak,
betirako dituzte izotzak,
han ez da lorerik,
ez da udarik,
ez da xoririk,
ez arbolarik.
Badira planeta idortuak,
betirako desertuak,
hutsaren basamortuak.
Han ez da errekarik,
ez iturririk,
ez negurik,
ez euri ez elurrik.
Harri gorri,
eta sumendiak
bakarrik !
Luixa Giltzu
Planetak sortzen
Planetak sortzean,
eguzkiak zioen :
hautatuko dut planeta bat fina,
nitarik aski urrun ez dadin erre,
nitarik aski hurbil, ez dadin horma.
Hautatuko dut planeta bat fina,
oihanez, itsasoz, mendiz
egina.
Haizeak gehitu zuen :
jendeak han beharko du bizi,
sortu, handitu, hazi.
Aireak beharko du garbi eta
arina.
Orduan ortzadarra jaiki zen,
kolorea hautatuz,
kolore eztia, ez mina,
bertzela ezina,
Planeta urdina !
Luixa Giltzu
*nitarik : niganik
Gauaz
Gauaz ez naizelarik lokartzen,
zeruari diot begiratzen,
han dira planetak mugitzen,
dantzan emeki itzultzen.
Asma dezaket Marte
hormatzen,
Saturno eraztunez beztitzen,
Jupiter loditzen,
Urano urruntzen.
Gauaz ez naizelarik lokartzen,
ez naiz bakarrik horra,
lagunak ditut Artizarra,
bai eta izar iheskorra !
Luixa Giltzu
Lurra ez da bakarrik
Altxa burua,
hor da zerua !
Lurra ez da bakarrik aspertzen,
egunaz eguzkiak du berotzen,
gauaz izarren argiak ferekatzen,
ilargiak keinuka agurtzen,
planetek goxoki inguratzen
Altxa burua,
Lurra ez da bakarrik,
hor da zerua !
Luixa Giltzu
Irudika...
Ikusten ahalko nauzu,
ibilki ilargiaren arkuan,
xirrixtan Saturnoren uztaian,
eta ixtaklok,
kometaren suzko buztanean,
izar iheskorrarekin,
harrapaka !
Luixa Giltzu
Autorea :
Luixa Giltzu
Ilustratzailea :
Piarres Erdozaintzi
Argitaratzailea :
Ikas
Argitaratze data :
2011/01/20